Bilbao BBK Liveko XIV. edizioan ehundik gora taldek joko dute zazpi agertokitan, eta hirugarren urtez jarraian eraso sexistak prebenitzeko kanpaina martxan jarriko da jaigunean, lelo honekin: “EZ beti da EZ. NO es NO”.

Kobetamendira igo AURRETIK sarreraren ordez eskumuturrekoa hartu beharko duzu NAHITAEZ. Doako autobusak, beste urteetan bezala, San Mamesetik eta BEC-etik aterako dira, eta bertan, sarreren ordez eskumuturrekoak jasotzeko lekuak egongo dira, eskumuturrekoa derrigorrezkoa izango baita kontzertuetara joateko eta autobusetan bidaiatu ahal izateko.

Kobetamendira garaiz joatea gomendatzen da, bereziki kanpalekuan geratuko direnak, jendea gutxika-gutxika joan eta itxaron-denborak murrizteko, baita poltsa eta motxilen erregistroak errazteko ere, behar izanez gero.

Bilboko Udalak laguntza eskatu die bertaratzeko asmoa dutenei, hain zuzen ere, segurtasuneko langileen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei kasu egiteko eskatu die, horiek guztiek operatibo bateratua prestatu baitute jendearen segurtasuna bermatzeko.

(Bilbon, 2019ko uztailaren 9an). Aurten ere, Bilbo prestatzen ari da uztailaren 11n, 12an eta 13an Kobetamendin BBK Live jaialdia hartzeko. 100 artista baino gehiago etorriko dira jaialdira. Hamalaugarren edizio hau bereziki jendetsua izatea espero da eta berritasun asko egongo dira.

Kanpoaldean egiten diren nazioarteko jaialdien artean erreferentzia da Bilbao BBK Live, eta atzera ere Bilbo munduko musika panoraman kokatuko du lan koordinatu garrantzitsuari esker, bereziki ekimenerako diseinatu dutena. Bilboko Udalak trafikoko, segurtasuneko, garbiketako eta garraio publikoko operatibo garrantzitsua jarri du martxan.

Hortaz, bertaratzeko asmoa duten guztiei, ahal denik eta gehien laguntzeko eskatu die Udalak, beste urte batez ere Bilbao BBK Live lehenengo mailako ekimen kultural eta aisialdikoa izan dadin. Kobetamendira garaiz joatea gomendatzen du Udalak, jendea gutxika-gutxika joatea ahalbidetu eta itxaron-denborak murrizteko, eta gogorarazi du arratsaldeko 16:00etatik aurrera eta kontzertuak izango diren hiru egunetan zehar doako autobusek Beyena fabrika zaharraren inguruan utziko dituztela bidaiariak —esparrutik 800 metro ingurura— eta ondoren oinez 10 minutu inguruko bidea egin beharko dutela.

KOBETAMENDIRA SARTZEA

Ibilgailu pribatuentzako lehenengo zirkulazio murrizketak uztailaren 10ean, asteazkenean, goizeko 11:30ean hasiko dira. Aurten, salbuespen modura, kontuan hartuta Berri Txarrak taldeak uztailaren 14an kontzertua emango duela, Kobetabidea ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo da hilaren 15eko 04:00etara arte, gutxi gorabehera, Basurtu-Kastrexana errepideko bidegurutzetik Kobetamendi eta Altamirako garagardotegira arte.

Segurtasun arrazoiak direla-eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatu ahal izango ditu, jende-oldearen arabera. Ekitaldiaren antolatzaileek baimena duten ibilgailuei, garraio publikoko ibilgailuei eta baimena duten bizilagunei utziko diete sartzen, ez beste inori. Oinez ez ezik, jai-esparruan sartzeko hainbat bide izango dituzte jaialdira doazenek.

IGO AURRETIK SARREREN ORDEZ ESKUMUTURREKOAK HARTU BEHARKO DIRA DERRIGORREZ

Iaz bezala, aurten ere jai-esparrura IGO AURRETIK nahitaez hartu beharko da eskumuturrekoa, sarreraren ordez.

Aurten, nobedade modura, eta Athletic Cluben laguntzari esker, San Mames zelaiaren barruan egokituko da espazio bat sarreren ordez eskumuturrekoak hartzeko, jaialdira bertaratzeko asmoa dutenentzat erosoagoa izango delakoan. Espazioa atzotik uztailaren 13ra arte egongo da zabalik.

Bihar hasi –eguaztena, hilaren 10a- eta zapatura arte eskumuturrekoak BEC! ondoan ere jaso ahal izango dira. Ordutegia hau izango da: astelehenean eta martitzenean, 11:00etatik 20:00etara, San Mamesen eta bihar, eguaztena, hasi eta zapatura arte, San Mamesen eta BEC!en, 10:00etatik goizaldeko 02:00etara. Jaialdiko esparruan EZ dira sarrerak eskumuturrekoengatik trukatuko eta jaialdiko doako autobusetara EZIN izango da eskumuturreko barik sartu, jendeari eragozpenik ez sortzeko.

DOAKO AUTOBUSAK

Bilbao BBK Livera joateko doako autobusak egongo dira, bai joateko, baita itzultzeko ere. Ohikoa den bezala, joaterakoan autobusak BECetik (Barakaldo) aterako dira, Ansio izeneko metro-geltoki ondotik –bertan 3.500 aparkaleku egongo dira- eta San Mames ingurutik -zehazki Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren atzean (Ogasuna-ETB).

Autobusak etengabe egongo dira joan-etorriak egiten uztailaren 10eko (eguaztena) 12:00etatik uztailak 14ko (domeka) 14:00ak arte, eta zerbitzuaren maiztasunak aldatu egingo dira eskariaren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiak irauten duen egunetan, 16:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, Beyena fabrika zaharraren inguruan geldituko dira, eta hortik aurrera 800 metro oinez egin beharko dira esparrura iristeko.

Era berean, kontzertuak amaitzen direnean, autobusean egin ahal izango da bueltako bidaia. Beyena pareko geltokitik hesidun eremuetan zain egon ahal izango dira Basurtu-San Mamesera edo BECera doazen autobusak hartzeko.

Era berean, kanpinlariek autobusak izango dituzte kanpalekura joateko uztailaren 10etik (eguaztena) aurrera eta jaialdiaren hiru egunetan zehar 24 orduz, bai kontzertuen esparrura joateko, baita kanpalekura itzultzeko ere.

Kanpalekura itzultzeko autobusak bi leku hauetatik aterako dira: jai-esparruaren inguruko ohiko geltokitik eta kontzertuen esparruaren sarreratik (orain dela hiru urte jarri zen aurrenekoz kanpinaren erabiltzaileentzat). Azken geraleku horretan autobusek egun bakoitzeko kontzertu nagusiaren ondoren bakarrik jasoko dute jendea, eta une horretara arte itxita egongo da geralekua, eta beraz, ezin izango da atera kontzertuen esparrutik sarbide hori erabilita kontzertu nagusia bukatu arte.

METROKO ZERBITZU BEREZIAK

Bilboko Metroak uztailaren 11ko eta 14ko gauetan (eguena eta domeka) zerbitzu berezia jarri du 23:00etatik 03:00etara bitartean, Kobetamendiko kontzertuetara doazenak etxera itzuli daitezen. Barikuan eta zapatuan gau osoan ibiliko da metroa. Maiztasunak eta bestelako xehetasunak metroaren webgunean kontsultatu daitezke, “Hurrengo trenak” atalean.

TAXIAK

08:00etatik 16:00ak arte taxiek bidaiariak utzi ahal izango dituzte kontzertuen esparruaren inguruan.

Ordu horretatik aurrera, jaialdiaren esparrura doazen taxiek Beyenako fabrika zaharraren ondoan egokitu den geralekuan utziko dituzte bidaiariak.

Era berean, uztailaren 11ko, 12ko eta 13ko gauetan geraleku bat jarriko da taxientzat Telmo Zarra kalean (San Mames futbol zelaiaren ondoan).

OINEZKOEN SARBIDEA

Azken urteetan hobekuntzak egin dira Kobetamendi inguruan, eta horiei esker oinezkoak jaialdi esparrura errazago irits daitezke; aukera hori geroz eta jende gehiagok erabiltzen du, jendetzak saihesteko bide errazena baita.

Hala, kontzertuen esparrura oinez sartu edo bertatik irten nahi duten guztiek leku hauetatik egin dezakete: Masustegi auzoa – Masustegi estrata – Aita Donosti plaza – Gurtubay kalea – San Mames – Termibus.

MUGIKORTASUN MURRIZTUA DUTEN PERTSONAK

Antolatzaileek zerbitzu berezia prestatu dute mugikortasun murritzeko pertsonentzat, eta beharren arabera egokitutako ordezko garraioa eskainiko diete jaialdiaren esparrura iristeko.

AUTOKARABANENTZAKO ALDI BATERAKO APARKALEKUA BEC-EN

Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuak martxan jarri ahal izateko ibilgailuak eta gainerako tresnak gordetzeko, Kobetamendiko autokarabanentzako udal eremua itxita dago ekainaren 25etik, eta itxita egongo da uztailaren 18ko 10:00ak arte.

Bilboko Udalak autokarabanentzako doako aparkalekua egokitu du egun horietan zehar BECeko (Bilbao Exhibition Centre) biltegien kanpoaldean, autokarabanazaleen eskariei erantzuteko. Aldi baterako aparkalekua doakoa izango da egun horietan zehar, zainduta egongo da 24 orduetan, eta ur konexioa izateaz gain, egunero garbitu, hondakinak bildu eta hustuko dira urak.

Garraio publikoa erabil daiteke Bilboko erdigunearekin konektatzeko: autobusa (3136 linea, Bizkaibus Bilbo-Gurutzeta Barakaldo) eta metroa (Ansio geltokitik).

KANPALEKUA ETA AGERTOKIAK, “CASHLESS” JAIALDIAREN BARRUAN

Jaialdiaren eremutik 3 kilometrora kokatuta dago kanpalekua, Bilboko aisialdirako esparru handienetako batean. Bilbao BBK Live jaialdiaren kanpalekua berdegune bat da, eta beharrezko zerbitzu guztiekin hornituta dago: ura, dutxak, komunak (ispiluekin),

entxufeak, supermerkatua, armairuak eta janaria prestatzeko tokia. Kanpalekua eguazten eguerdian, uztailak 10, irekiko da, 12:00etan, eta domeka eguerdian, uztailaren 14an, itxiko da, 12:00etan.

Bilboko Udalak gogorarazi nahi du eremu horretan bakarrik kanpatu ahal izango dela, eta bertan daudenei eskatzen die ez daitezela oinez itzuli kontzertuen eremutik, erabil dezatela beti 24 orduko doako autobus zerbitzua, bereziki gauean. Era berean gogorarazten du segurtasun arrazoiak direla-eta ezin izango dela surik egin.

Jaialdiaren esparruko ateak 17:00etan irekiko dira, eta Bilbao BBK Live 2019ko musika-emanaldiak zazpi agertokitan eskainiko dira, horietako bat beren-beregi kanpinean daudenentzat, Akelarre izenekoa. Eszenatoki horretan inaugurazio-jaia egingo da DJ batekin, 20:30ean.

Hirugarren urtez jarraian Bilbao BBK Live cashless jaialdi bat izango da erabat, hau da, ez da eskudirurik erabiliko. Publikoak jaialdiko ordainketa guztiak eskumuturra biratze hutsarekin egin ahal izango ditu, bertaratuek sarrera erosterakoan jasoko dituzten eskumuturreko adimendunetan integratutako teknologiari esker, ordainketa segurua bermatzen duena.

Eskumuturrekoa online kargatu daiteke, jaialdiaren aplikazioaren edo webgunearen bidez, baita modu fisikoan ere, esparruan eskumuturrekoak kargatzeko jarriko diren puntuetan. Dirua online kargatu dutenei automatikoki itzuliko zaie soberan geratzen zaien zenbatekoa, eta ez da kosturik ezarriko. Eskumuturrekoa jaialdiko postuetan kargatu dutenek esparruan bertan eskatu dezakete dirua itzultzeko -gutxieneko zenbatekorik eta aparteko kosturik gabe-. Gainera, jaialdia amaitu eta 4 egunen buruan itzulketak egiteko atari bat jarriko da erabilgarri. Ez da gutxieneko zenbatekorik ezarriko, baina transferentziak egiteagatik kostu bat aplikatuko da.

GARBIKETA

2019ko Bilbao BBK Liveko eremu guztian egingo dira garbiketa-lanak eta hondakinen bilketa, 07:00-08:00etatik 15:00ak arte, eta egunero batez beste 43 langile eta 21 ibilgailu egongo dira lanean, kamioiak eta kaleak garbitzeko makinak hain zuen ere. Aurtengoan, garbiketa-lanak hilaren 15era arte (astelehena) egingo dira, bezperan, hilaren 14an (domeka), Berri Txarrak taldearen kontzertua izango da-eta.

Garbitasun-maila egokia izan dadin, 320 edukiontzi jarriko dira, guztira. Garbiketa zerbitzukoek hainbat bilketa egingo dituzte egunero kanpaleku-gunean, kontzertuak baino lehen eta ondoren, eta sarrera nagusian eta inguruetan, kanpalekuko eremu komunetan eta autobus geltokietan errepaso sistematikoak egingo dira, bai kontzertu eremuan, baita Bilbobuseko autobusak aterako diren lekuan ere. ‘Basoa’ agertokiko garbiketa-lanak eskuz egingo dira guztiz, zuhaitz asko baitaude bertan.

Gainera, kontzertuen egunetan Altamira auzoan garbiketa-zerbitzu berezia egongo da jaialdi esparrutik igo edo jaisten direnen “aztarna” saihesteko. Jaialdia bukatzen denean, Kobetas parkean garbiketa zehatza egingo da, herritarrek ondoren erabili eta disfrutatu ahal izateko.

JASANGARRITASUNA

Jaialdiaren ingurumen-inpaktua murrizteko zenbait neurri ezarriko dira, besteak beste edalontzi berrerabilgarriak, birziklatzeko edukiontzien puntu garbi gehiago egotea, app ofiziala sustatzea paperezko informazioa gutxitzeko eta cashless sistema, jaialdirako tocken-ak edo monetak sortzea saihesten duena.

Bilbao BBK Livek integratutako ingurumen kudeaketa duten hornitzaileekin lan egiten du, eta Erronka Garbia izeneko ziurtagiria eskuratu du. Horren bidez aintzatesten dira antolakuntzan eta diseinuan ingurumen arloko neurriak jasotzen dituzten ekitaldiak, horiek egiteak ingurumenean dakartzan balizko eragin kaltegarriak murrizteko. Une oro jaialdiak Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Sozietate Publikoarekin batera lan egin du. Ihobek Eusko Jaurlaritzari laguntzen dio ingurumenaren arloko politika garatzen eta ingurumen iraunkortasunaren kultura hedatzen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bilbao BBK Live jaialdian sentsibilizazio-kanpaina egingo da eta aurten ere behin eta berriro erabiltzeko edalontziak eta hondakinak gaika biltzeko edukiontziak egongo dira esparru osoan. Esparrua eta Kobetamendi parkea garbi izateaz arduratuko da boluntarioez osatutako talde berde bat, hartara bai ikus-entzuleak bai bilbotarrak gerora ere inguru hori erabiltzeko moduan izan dezaten.

ERASO SEXISTARIK GABEKO JAIALDIA

Hirugarren urtez jarraian Bilbao BBK Livek Eraso sexisten aurkako eta horien prebentzio eta sentsibilizaziorako kanpaina izango du. Hauxe izango da leloa: “EZ beti da EZ. NO es NO” -Aste Nagusian erabilitako mezu irmo eta argi bera-. Hala, ekimen horren bitartez herritarrak sentsibilizatu nahi dira, eta arreta deitu nahi da errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanen alde egiteko, baita BBK Live jaialdian ere.

Kanpainan herritarrentzako, eta batez ere, emakumeentzako udal baliabideak zeintzuk diren azaltzen da, nola jardun zehaztu eta erasoa jasanez gero edo erasoren bat ikusiz gero erabili daitezkeen telefono zenbakiak zeintzuk diren adierazten da. Gainera, berriz ere argitaratu da informazio gida bat (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez),

erasoak identifikatzeko eta horiei erantzuna emateko. Argitalpen hori deskargatzeko moduko bertsio digitalean eskainiko da.

Bestalde, Udalak gogoratu gura du doako aplikazio bat dagoela, Android eta iOSerako erabilgarri: “AgreStop/EraStop”. Tresna horren bidez, berehala abisatu dakioke poliziari, “larrialdiko botoiari” sakatuta, erasoa jasan, jasateko arriskuan egon edo erasoren bat ikustean. Hain zuzen ere, seinale baten bidez, botoiari sakatu dion pertsonaren kokalekua bidaltzen zaio poliziari; bestalde, “lagun egiteko” aukera eskaintzen du, telefonoko kontaktuetakoren baten bidez, aukera emanez hautatutako pertsonari mapa birtual batean jarraitzeko etxerainoko ibilbidea.

Bilboko Udalak gogorarazi du beste behin ere indarkeria matxista eta eraso sexistak beti salatu behar direla. Horrez gain, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko harremanen aldeko konpromiso aktiboa izateko deia egin die herritarrei.

SEGURTASUNA

Edizio honetan berriz ere indartuko da jaialdiko segurtasuna, eta horretarako Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Bilbao BBK Live jaialdiko segurtasuneko langileek operatibo berezi koordinatua gauzatuko dute bertaratuen ongizatea bermatzeko, bai jaialdiaren esparru barruan, baita inguruetan ere.

Udaltzaingoak guneko sarbideak eta sarrera zainduko ditu delituak eta liskarrak saihesteko, eta bereziki zainduko ditu salmenta faltsuak eta bertaratutakoen bide-segurtasuna.

Udalak Kobetamendira garaiz joatea gomendatzen du, bereziki kanpalekuan geratuko direnak, jendea gutxika-gutxika joan eta itxaron-denborak murrizteko, baita poltsa eta motxilen erregistroak errazteko ere, hala egiten bada.

Era berean, Udalak eskatu du bertaratutakoek uneoro ahal beste laguntzeko eta ekitaldiko segurtasuneko langileen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei kasu egiteko.

KOORDINAZIO ZENTROA, MEDIKUEN POSTUA ETA ANBULANTZIAK

Jaialdiaren eremuan eta inguruetan erantzun zuzena bermatzen jarraitzeko Jaialdiko Segurtasuneko Koordinazio Zentroa antolatu da, eta bertan lanean egongo dira segurtasuneko langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasuneko langileak. Koordinazio zentroa eta medikuen postua autokarabanen aparkaleku

inguruan egongo dira, eta kontzertu esparruaren barruan medikuen postua jarriko da, bi areto edo espaziotan banatuta: arreta medikoa emateko gela eta eboluzio-gela.

Kontzertuen denboran anbulantziak egongo dira esparruko eremu hauetan: agertoki nagusietan, relax-eremu inguruan eta medikuen postuan. Horietako bat 24 orduetan egongo da. Suhiltzaileen kamioi bat (ekipamendu tekniko eta langile talde osoarekin) prest egongo da ekoizpen eremuan gertatu daitekeen edozein larrialdietarako. Kanpaleku-eremuan ere segurtasuneko eta arreta sanitarioko langileak egongo dira 24 orduetan zehar.

“BILBOREN MAILAKO” JAIALDIRAKO AHOLKUAK ETA ARAUAK

1. Eraman arropa eta zapata erosoak. Tenperatura altuak baldin badaude, hidratatuta egon behar duzu, horretarako ur asko edanez, eta eguzkitarako babesa erabili.

2. Zaindu zure objektu pertsonalak. Kanpalekuan armairuak egongo dira, baina poltsa edo motxila aldean badaramazu, zaindu ondo, adibidez jarri itzazu aurreko aldean, eta sekula ez gorde diru-zorroa atzeko poltsikoetan.

3. Gogoratu: EZ beti da EZ edozein hizkuntzatan. ERRESPETUA IZAN.

4. Sarreraren ordez eskumuturrekoa hartu beharko duzu NAHITAEZ, Kobetamendira igo AURRETIK. Aldaketa EZIN IZANGO DA jaialdi esparruan egin, eta doako autobusetan ezin izango da eskumuturrekorik gabe igo.

5. Erabili beti autobusak kanpalekutik kontzertuen eremura joateko eta alderantzizko bidea egiteko, bereziki gauean. Autobusak 24 ordu egongo dira martxan, eta, gainera, DOAKOAK dira.

6. Guztiz debekatuta dago kanpaleku eremutik kanpo kanpatzea edo BBK Liveko esparrura objektu zorrotzekin, metalikoekin, kristalezkoekin, jaurti daitezkeenekin, errekorrekin edo sendoekin sartzea. Lagundu antolatzaileei, eta ez eraman gauza asko Bilbao BBK Livera.

7. Zakarrontziak eta edukiontziak egongo dira esparru guztian zehar; erabil itzazu, mesedez. Kobetamendi leku natural pribilegiatua da, eta halaxe mantentzea nahi dugu.

8. Zaindu zeure burua. Ez erosi edaririk ez janaririk kontrol sanitarioa pasatu ez duten saltokietan. Eta gogoratu, kontsumitu neurriz.

9. Lagundu antolakuntzakoei eta egin kasu beraien jarraibideei. Zeure onerako da. Kanpalekuan eta eremu nagusian arreta sanitarioa eta segurtasuneko langileak egongo dira, beraz, laguntza behar baduzu, joan zuzenean beraiengana. Larrialdietarako telefono-zenbakia 112 da.

10. Disfrutatu ahal duzun guztia jaialdian eta urian. Bilbao BBK Livek Bilboko kultura, ostalaritza eta aisialdiari buruzko informazioa du. Erabili!

KONTROL SANITARIOA

Jaialdiko kontrol sanitarioarekin hasteko muntaketaren aurre ebaluazioa egingo du Osasun eta Kontsumo Sailak memoria sanitarioetan, eta, hala behar izanez gero, zuzenketak proposatuko ditu. Era berean, komun erabilgarrien kopurua ebaluatu da, baita ur korrontearen erabilgarritasuna ere, aurreikusitako aforoaren arabera

Horrela, inaugurazioaren bezperako egunean, azpiegitura guztiak muntatuta daudenean, albaitari eta albaitari laguntzaile banarekin osatutako bi taldek eta Ingurumen Osasuneko eta Hiri Higieneko Teknikari bat duen beste talde batek lehenengo ikuskaritza egingo dute, eta elikagaiak eta edariak saltzeko establezimenduek ur-puntuak, material egokiak, behar adinako edukiera duten hozteko makinak, manipulazio eremuak eta abar dituztela eta komun kopurua eta aldizkako garbiketa protokoloa egokiak direla egiaztatuko dute, nagusiki. Ikuskapen horiek publikorako salmenta puntuetan, VIP eremuko salmentetan eta langile eta artistentzat egokitutako jantokietan egingo dira.

Gainera, inaugurazio eguneko goizean beste ikuskapen bat egingo da, eskainiko diren janari eta edari guztiak egiaztatzeko: jatorria, iraungitze data, freskotasuna, kontserbazioa, etab. Ondoren, gutxienez beste behin egingo da ikuskapena.

Osasun eta Kontsumo Atalak kanpaleku eremua ikuskatu eta kontrolatuko du, janariak prestatzeko lekuak egotea aurreikusita baitago.

INFORMAZIO GEHIAGO: Jaialdiaren webgunean, facebook-en eta twitterren, eta jaialdiko doako aplikazioa jaitsita (erabilgarri dago Androiderako eta Applerako).