• Bilbao BBK Live jaialdiak BIAAF plataformarekin bat egin du, nazioarteko moda-diseinu hasiberriari laguntzeko erreferentea den plataformarekin.  
  • Mundu osoko eskola abangoardistenetako diseinatzaile gazteek kapsula bildumaren proposamenak aurkeztu dituzte Jaialdiaren aurtengo ediziorako. 
  • Inti Núñez eta Erica Oubiña Vigoko Unibertsitateko ESDEMGA gradudunak dira, eta mundu osoko diseinatzaile gazteen artetik hautatu dituzte.

Bilbao BBK Live jaialdian etengabe eboluzionatzearen eta berrikuntzaren alde egiten dugu eta, oraingoan, BIAAF (Bilbao International Art & Fashion) plataformaren laguntzarekin, munduko eskola abangoardistenetako diseinatzaile hasiberriak gonbidatuko ditugu, lehen aldiz, jaialdiaren 2019ko edizioan beren proposamenak aurkez ditzaten kapsula bilduman.  

Jaialdiko ikus-entzuleei beste gehigarri bat eskaini nahi genien, diseinuaren eta musikaren aldetik indar handiko irudia proiektatuko zuen kapsula bilduma batekin”, diote Bilbao BBK Live jaialdikoek. 

Inti Núñez eta Erica Oubiña Vigoko Unibertsitateko ESDEMGA eskola ezaguneko gradudun gazteak dira eta, beren kapsula bildumarekin, arte eta diseinu plus bat gehitzen diote berez handia den Bilbao BBK Live jaialdiari, sorkuntzaren sektorean nazioarteko erreferente den BIAAF plataformaren laguntzarekin; BIAAF modan hasiberriak diren talentuei laguntzeko nazioarteko plataforma da. 

Ez zen erraza izan erabakia hartzea; izan ere, Japonia, Israel, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Bartzelona edo Bilboko eskola onenetako diseinatzaile gazteen proposamenak jaso genituen”, nabarmendu dute BIAAF plataformatik. 

Hautaketa-prozesua epaimahai batek egin zuen; modaren eta musikaren munduko profesionalez osatu zen epaimahaia, hala nola Serena Castrignano –Vogue Italia aldizkariko erredaktorea–, Miriam Ocáriz –artista eta diseinatzailea– eta Mueveloreina musika-taldea, besteak beste. 

Bestalde, Inti Núñez eta Erica Oubiña diseinatzaile gazteek diote bilduma hau “aukera ezin hobea dela”. Bilbao BBK Live jaialdirako bilduma hau sortu ahal izateko aukera izatea ez zitzaigun burutik pasa ere egin”. Bildumaren moldaerraztasuna nabarmendu dute; “musikaren munduarekin alderatuz gero, zaila izango litzateke jantziak genero bakar batean biltzea”.  

Modaren eta musikaren artean dagoen konexio argiaren jakitun, Bilbao BBK Live jaialdiak eta BIAAF plataformak bat egin dute mundu osoko gazte sortzaileei aukera bat eskaintzeko helburu nagusiarekin. Bi irabazleek, sariak ematen duen ospeaz eta errekonozimenduaz gain, salmenten ehuneko bat jasoko dute royalty modura. 

Kapsula bilduma 

Kapsula bilduma hau oso moldaerraza da, eta 90eko hamarkadara atzera bidaia eginaraziko digu, kolorearen, estanpatuen, materialen eta siluetaren bitartez. Bai Inti Núñezek, bai Erica Oubiñak, beren Ïk.Studio markatik, bat egin dute kirol-jantziak linea urbanoago batera egokitzeko egungo joerarekin, eta sortu duten sportwear bildumak diseinuaren, sormenaren eta berrikuntzaren dosi handiak ditu.  

Bilbao BBK Live jaialdiaren webgunean egongo da salgai bilduma –ez beste inon–, une honetatik aurrera, eta gaur-gaurko joerei jarraitzen dieten jantziak aurki daitezke, hala nola pontxo bat, kazadora bat, ezinbesteko bihurtu den bandolera eta elastikoa, jaialdien munduarekin lotura handia duen jantzi moldaerraza.  

Sormena jasangarritasuna bezain garrantzitsua izan da bilduma irabazlea hautatzeko garaian. Horregatik, ingurumena errespetatzen duen bilduma “erantzunkidea” hautatu dugu, birziklatutako zuntzekin egindako ehunak, kotoi organikoa eta ur-tindagaiak erabiltzen dituelako, baita produkzioko fasean ahalik eta hondakin gutxien sortuko duten estanpatzeko eta patroigintzako teknikak ere. Horretaz guztiaz gain, gertuko produkzioaren alde egin da.  

BIAAF 

12 urteko ibilbidea egin ostean, BIAAF nazioarteko modako talentu hasiberriei laguntzen dien erreferentziako plataforma bihurtu da nazioartean. Nazioarteko 700 bat eskolarekin etengabe kontaktuan dago, eta bi urtean behin antolatzen duen lehiaketan 90 herrialdetako 5.000 diseinatzailek baino gehiagok parte hartu izan dute; lehiaketaren helburua gazte horiek diseinuaren bitartez garapen ekonomiko jasangarria lortu ahal izatea da. Era berean, BIAAF aitzindari da Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei dagokienez, diseinu hasiberriaren esparruan, betiere gizartearen eta ingurumenaren arloko jasangarritasunaren eremuan sustatzen dituen ekintzei esker, eta GJH helburuak bultzatzeko eta garatzeko Nazio Batuen plataforman parte hartzen du. 

BILBAO BBK LIVE 

Bilbao BBK Live jaialdia erreferente bihurtu da nazioan eta nazioartean, azken urteotan izan duen hazkunde eta eboluzio handiari esker. Duela 14 urte hasi zenetik, milaka lagun biltzen dira Kobetamendin zuzeneko musikarekin gozatzeko natura-ingurune paregabe batean, mendian baina, aldi berean, Bilbo hiri abangoardistatik oso hurbil. Aurten, nazioko eta nazioarteko artista handiek parte hartuko dute jaialdian: The Strokes, Liam GallagherThom YorkeRosalíaWeezerSuede edo The GoodThe Bad & The Queen, besteak beste.  

Press kit