Jaialdiak edizio berezia eskainiko du online: sei kontzertu esklusibo eta orain arte argitaratu gabeko kontzertu historikoen sorta bat
Gure karteleko sei talde Kobetamendira igoko dira berariaz diseinatutako kontzertuak eskaintzera, eta guk streaming bidez ikusi ahal izango ditugu
Duela aste gutxi baieztatu genuen Bilbao BBK Live 2020 jaialdiko kartela hurrengo urtera atzeratuko genuela osasun-larrialdia zela-eta. Gaur, udan sartu berri garelarik eta krisialdiaren eragina apurka-apurka ahultzen ari dela kontuan izanik, gero eta zailagoa da guretzat urte oso bat egon behar izatea Kobetamendira igo gabe; horregatik, edizio berezi hau iragartzen dugu, mendian bizitzen den esperientzia erreproduzitzeko asmoz. Bilbao BBK Live UDA ideia batean oinarrituta dago: ezin baduzue Kobetamendira igo, zuen etxeetaraino eramango dugu mendia.
Jaialdia izango zen egunetan, hau da, uztailaren 9an, 10an eta 11ean, Kobetaseko agertokiak zabalduko ditugu zerrendako sei artistarentzat; laster iragarriko dugu zein diren sei artista horiek. Guzti-guztiek egun horretarako berariaz diseinatutako ikuskizunak eskainiko dituzte eta, natura bete-betean izango direnez, Basoa gunean egongo bagina bezala sentituko gara, ilunabarrean saio bat entzuten, Arraiz mendiko igoeran behi eta zaldien ondoan ibiltzen, edo egunsentian hiriaren ikuspegiari begira eta Lasai guneko soinu iradokitzaileak entzuten. Urtero milaka eta milaka bisitari etortzen dira munduko txoko guztietatik; horrela, bada, aurtengoan Bilbao BBK Live jaialdiaren edukiera mugagabea izango da, eta nahi adina tokitatik disfrutatu ahal izango da.
Guztira 12 musika-ordu izango dira hiru gauetan eta, zuzeneko kontzertuez gain, jaialdiaren hamalau edizioetan izan diren baina orain arte sekula argitaratu ez diren emanaldi historikoak ere eskainiko ditugu. Uztailaren 8an, 9an eta 10ean, hau da, osteguna, ostirala eta larunbatean, 21:00etatik aurrera izango dira emanaldiak, www.bilbaobbklive.com webgunean eta jaialdiaren YouTubeko kanalean. Honako hauen laguntzari esker egin ahal izango dugu hori guztia: Bilboko Udala, BBK fundazioa, San Miguel, Beefater, Firestone eta Red Bull.
Emanaldi horrekin batera, Bilbao BBK Live jaialdiaren 2021eko ediziorako sarrerak salgai jarriko dira; artista hauek baieztatuta ditugu jada: The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benavente, eta gehiago ere iragarriko ditugu laster.
BILBAO BBK LIVE UDA
2020ko uztailaren 9a, 10a eta 11a
#bilbaobbklive
BILBAO BBK LIVE
2021eko uztailaren 8a, 9a eta 10a
Kobetamendi, Bilbo
THE KILLERS
PET SHOP BOYS
BAD BUNNY
BICEP live
BOMBA ESTÉREO
CARIBOU
FKA twigs
SUPERGRASS
AMORANTE
CARIÑO
CHICO BLANCO
EL COLUMPIO ASESINO
FONTAINES D.C.
LEÓN BENAVENTE
MARÍA JOSÉ LLERGO
MEUTE
MOSES SUMNEY
OMAGO
SLOWTHAI
THE MURDER CAPITAL
TINARIWEN
TRIÁNGULO DE AMOR BIZARRO
XABI BANDINI
Sarrerak salgai uztailaren 9tik aurrera, www.bilbaobbklive.com webgunean