Bilbao BBK Live UDA: Kobetamendiko magia etxean

Jaialdiak online edizio berezia eskainiko du aurten, Kobetamenditik emango diren kontzertuekin: El Columpio Asesino, Dora, Amorante, Yawners, Elle Belga eta John Talabot eta Katza-ren DJ setak

Jaialdiaren historian izan diren emanaldi onenen aukeraketa bat eta Pantomima Full-en umorea izango dira programazioa osatzeko

Ezin baduzue Kobetamendira igo, mendia zuen etxeetara eramango dizuegu. Ideia horrekin sortu da Bilbao BBK Live UDA, nazioarteko jaialdiaren online edizio berezia, uztailaren 9an, 10ean eta 11n.

Jaialdiak izan beharko zukeen egun beretan zabalduko ditugu Kobetamendiko agertokiak, eta sei artisten zuzeneko emanaldiak streaming bidez eskainiko ditugu mundu guztiarentzat. Egun horretarako berariaz diseinatutako kontzertuak dira eta, natura bete-betean izango direnez, Basoa gunean egongo bagina bezala sentituko gara, ilunabarrean saio bat entzuten, Arraiz mendiaren gailurra konkistatzen urte osoan bertan bizi diren animaliekin batera, edo egunsentian hiriaren ikuspegiari begira eta Lasai guneko soinu lasaiak entzuten. Edizio bakoitzean milaka eta milaka bisitari etortzen dira munduko txoko guztietatik; horrela, bada, aurtengoan Bilbao BBK Live jaialdiaren edukiera mugagabea izango da, eta nahi adina tokitatik disfrutatu ahal izango da.

OSTEGUNA 9

YAWNERS / San Miguel agertokia. Laurogeita hamarreko hamarkadako pop sonoritate irmoena da Yawners izenaren atzean ezkutatzen den Elena Nietoren soinu-erreferentzia; Elena Nieto salamancarra bera ere laurogeita hamarreko hamarkadan jaiotakoa da, eta bere proiektuaren lehen albumak, “Just Calm Down”, gure mugetatik kanpo ere eman du arreta, Japonian argitaratu berri baita. San Miguel agertokian joko du zuzenean. Bilbao BBK Live jaialdiaren babesle nagusia da San Miguel, eta hain berezia izaten ari den urte honetan, bereziki, zuzeneko musikarekin duen konpromisoa berretsi du; era berean, zale guztiak gonbidatzen ditu San Miguelek jaialdiaren edizio hau partekatu, esnatu eta bizitzera.

DORA / Firestone agertokia. Hamasei urte baino ez ditu gure artistarik gazteenak, baina gero eta ageriago dagoen diamantea da. Bost single argitaratu ditu jada Dorak, eta Spotify plataforman sei milioi erreprodukzio baino gehiago lortu ditu, baita beste horrenbeste YouTube kanalean ere; bere lehen EPa hilabete gutxi barru argitaratuko da, eta aurten gehien espero den lanetako bat da dagoeneko. Zuzenean entzun ahal izango dugunez, itxaronaldia jasangarriagoa izango da guretzat; izan ere, Firestone agertokian eskainiko du kontzertua eta, betiko moduan, musika eta talentu berriak bultzatzen jarraitzen du Firestone etxeak.

OSTIRALA 10 

EL COLUMPIO ASESINO / Beefeater agertokia. Udaberriak eta konfinamenduak disko argitaratu berriaren eztia ezpainetan genuela utzi gintuzten. Kritikarien esanetan, “Ataque Celeste” nazioko urteko albumetako bat da, eta ezin uko egin zuzenean entzuteari. Beefeater agertokian kontrastea eta aniztasuna uztartzen dira, eta Beefeater etxeak zuzeneko musikarekin eta jaialdiarekin dituen konpromisoa berresten ditu El Columpio Asesinoren giro aztoragarriak eskainita.

KATZA / Lasai. Ostirala bukatzeko, lasaitasun bila joango gara Lasai gunera, hiriaren ikuspegiei begira eta, beti bezala, 100bmp edo bihotz-taupaden erritmoa baino mantsoago. Bilbon bizi den Katza DJk jarriko du musika. Punk giroan hasi zen, eta sumatzen zaio kutsu hori dantzarako bere sorkuntzetan; izan ere, soinuen berehalakotasuna, urgentzia eta purutasuna adierazten saiatzen da, nahiz eta askotariko estiloak erabiltzen dituen bere errepertorioan.

LARUNBATA 11

AMORANTE / BBK Fundazioa agertokia. Rodrigo Amarante brasildarrari eta Enrique Morente granadarrari zien maitasunetik datorkio Amorante izena Iban Urizar elgoibartarraren proiektuari. Etnomusikologo eta multiinstrumentista izaki, folk tradiziotik abiatzen da berak “herri musika” esaten dion hori egiteko, euskaraz interpretatuta eta tradizio anglosaxoia alde batera utzita. Esperientzia erabat iradokitzailea arratsaldea basoaren atarira bideratzeko.

JOHN TALABOT / Basoa. Musika elektronikoaren nazioarteko erreferentzia garrantzitsuenetako bat da, eta jaialdi honetan asko maite eta miresten dugun artista. Basoa guneko DJ egoiliarrak aurten ere emango dio amaiera jaialdiari, orain arte askotan egin izan duen moduan. Red Bull etxearen laguntzarekin, John Talaboten soinu-uholde eskuzabal, baltsamiko eta sendagarriaz gozatuko dugu berriz, eta ziur basoa ere dardaraka jarriko duela.

Hiru egunetan, 21:00etan hasi eta gauerdira bitarte, sei kontzertu esklusibo horietaz gain, jaialdiaren hamalau edizioetan izan diren baina orain arte sekula argitaratu ez diren emanaldi historikoak ere eskainiko ditugu. Musikaz betetako ordu horietan guztietan, gaurkotasunaren kronista garratzenak izango ditugu gidari: Pantomima Full; hiru gauetan barrena, benetako jaialdizalearen barrez lehertzeko moduko erretratua marraztuko digute, Bilbao BBK Live jaialdirako berariaz sortutako edukien.

Uztailaren 9an, 10ean eta 11n, hau da, osteguna, ostirala eta larunbatean, 21:00etatik aurrera izango dira emanaldiak, www.bilbaobbklive.com webgunean eta jaialdiaren YouTubeko kanalean.

Emanaldi horrekin batera, Bilbao BBK Live jaialdiaren 2021eko ediziorako sarrerak salgai jarriko dira; artista hauek baieztatuta ditugu jada: The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benavente, eta gehiago ere iragarriko ditugu laster.