Gaur iragarriko dira 2020ko edizioko lehen izenak; besteak beste, Caribou, Four Tet, Supergrass, The Rapture edo El Columpio Asesino izango ditugu.

Jaialdia uztailaren 9tik 11ra bitarte izango da Kobetamendi, hain ezagun egin den mendian

Bilbao BBK Live jaialdia nerabezaroan sartu da, originaltasunez eta bere buruarekiko segurtasunez gainezka. Horren adierazgarri ezin hobea dira 2020ko ediziorako gaur bertan iragarriko ditugun lehen izenak. Aurkeztutako proposamenak ikusita, argi dago Kobetamendiko hurrengo hitzordurako gure apustua, zalantzarik gabe, kalitatea dela.

Kendrick Lamar -Estatuan emanaldi bakarra egingo du, gurean- generoko rapero garrantzitsuena izateaz gain, musikaren historiako artista handienetako bat ere bada, eta bakarrenetako bat da (bakarra ez bada) bere hainbat lan azken hamarkadako disko onenen zerrenda gehienetan sartzea lortu duena. Politikaren eta gizartearen arloko gaiekiko duen interesari bere konposizioen lirismoa gehituz gero, musikaren eremua gainditzen duen sortzaile bihurtu zaigu, eta gure mendeko herri kulturan eragin handieneko pertsonaietako bat izatera iritsi da; izan ere, Pulitzer bat eta Oscar bat ere irabazi ditu bere obrarekin.

The Killers da Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen iragarpen honetako beste protagonista bat. Las Vegaseko taldea une eztiak bizitzen ari da orain Europan. Brandon Flowers eta taldekideak disko berria besapean hartuta etorriko dira Bilbora –udaberrian argitaratuko da eta, oraingoz, ez dute inolako aurrerapenik egin–, Erresuma Batuko estadio nagusietan egindako lehen biratik zuzen-zuzenean.

Pet Shop Boys Bilbon izango dira, taldearen historiako lehen Greatest Hits ikuskizunarekin. Beti abangoardian eta kalitatezko proposamenekin datorkigun taldeak pop estiloko klasiko handiekin batera herri imajinarioan sartu diren himnoak egitea lortu du. Kobetamendiko agertokian hit ezagunenen errepasoa egingo dute, errepertorioa bezain ikusgarria den proposamen eszeniko berriarekin.

Bad Bunny artistak Musika urbanoaren Latindar Grammy saria jaso du berriki eta, ekitaldi horretan, reggaeton musika kultura latindarraren zati dela aldarrikatu zuen, baina horri buruzko zalantza handirik ez da geratzen, honezkero; izan ere, Time aldizkariak ere etorkizunari forma emango dioten pertsonen 100 Next zerrendan sartu baitu. Bilbao BBK Live jaialdian, soinu urbanoen aldeko hautua egin dugu eta artista hau zerrendaburuen artean egotea nahi izan dugu, Kendrick Lamar-ekin batera.

Beste estilo bati helduta, dream pop estiloaren jarraitzaileek Caribou izango dute (baina ez dakigu geratuko ote den inor artista horri etiketaren bat jartzen ausartuko denik, ‘Home’ azken singlea entzun ostean). Elektronikarekin jarraituta, Four Tet izango dugu; proiektu horrekin, Kieran Hebden britainiarrak generoan ezinbesteko bihurtu diren hainbat disko argitaratu ditu. Sortzaile geldiezin eta arriskatua, bere konposizio esperimentalenak ere dantza-pistarako egokiak izateko trebetasun bitxia du. Eta nekez sailkatzeko moduko artistez ari garelarik, ezin utzi aipatu gabe ionnalee | iamamiwhoami suediarra, musika eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen proiektuarekin. Ez dira hain ezagunak, baina zalantzarik gabe, jakin-nahi handikoentzat erakargarriak izango dira Acid Arab talde biziki interesgarriaren beat-ak, musika tradizional arabiarraren sustraiak dituztenak. Introspekzioa nahi dutenentzat, Kelly Lee Owens galestarraren elektronika delikatu eta anbientala daukagu.

Beste izen handi bat, zorionez berriz elkartu diren Supergrass. 2020. urtean 25 urte beteko dira ‘I Should Coco’ mitikoa argitaratu zutenetik, eta hori ospatzeko, bilduma-lan bat kaleratuko dute; bira bat ere egingo dute, baina Estatuan emanaldi bakarra egingo dute, Bilbao BBK Live jaialdian, hain zuzen. Aurreko edizioetan dantzan ibili izan gara Suede taldearekin eta Gallagher anaiekin; beraz, oraingoan, ezin genion ihes egiten utzi Britainia Handitik atera den talderik dibertigarrienari (Happy Mondays taldearen baimenarekin). Eta ospatzeko moduko bilkurak aipatu ditugula, The Rapture taldeak urte hasieran iragarri zuen berriro ere agertokietara itzuliko zela, eta Kobetamendikoa izango da horietako bat.

Latindarra ez, baizik eta madrildarra izanik, beti Héctor Lavoe bezalakoa izan nahi izan zuela kantatzen du, eta agian laster lortuko du Kaydy Cain presenta Salsa Dura proiektuarekin; izan ere, bere errepertorioa saltsaren bahetik iragazteko proposamenarekin datorkigu. Rap eta hip-hop estiloen ordezkariak ere izango ditugu, hala nola Slowthai, Brexitaren ondoko Britainia Handiko kontalari amorratua; edo Estoniako Tommy Cash, generoko proposamen abangoardistenetako bat. Noski, talentu berriek ere izango dute tokia; esate baterako, Chico Blanco granadarraren lanean house-a eta trap-a aurki ditzakegu, eta 2020ko Estatuko artista berri

garrantzitsuenetako bat izateko bidean doa; edo Erik Urano berria –ahopeka esango dugu “berria” dela, lau haizetara zabaltzen ari den sekretuaren pareko izaten ari baita–.

Etxetik gertuago, eta sintetizadoreekin bezainbeste gitarren riff-ekin gozatzen dutenei begira, El Columpio Asesino taldea; hurrengo diskotik (bost urtez egon behar izan dugu zain eta zain!) bi kantu aurreratu dituzte, eta Estatuko taldeen artetik jendeak gehien espero duen taldeetako bat dela esan dezakegu. Haiekin batera, León Benavente izango dugu, eta ‘Vamos a volvernos locos’ diskoan sintetizadore ugari aurkitu ahal

izango ditugu. Bi talde horiekin batera, Cariño proiektua ere luzaroan egon da eta dago, oraindik ere, jaialdietako ikus-entzuleen musikari gogokoenen artean, eta ez ditugu gure zerrendatik kanpo utzi nahi izan.

Harribitxien bila zerrendak arakatzen dituztenek erreparatuko zioten jada Yves Tumorri. Askotan abangoardista dela esan izan da, eta goi-mailako kulturatzat ere hartu izan da, baina gehien esleitzen dioten adjektiboa honako hau da: jeinua. Horrekin geratuko gara gu. Kritika espezializatuak goraipatuta datoz The Murder Capital; izan ere, badirudi Dublingo eszena grazia-egoeran dagoela. Erreparatu beste izen honi ere: Whitney. Chicagoko bandak oso gutxitan jo izan du gure artean; euren gitarra akustikoak, ia beti haizezko doinu eta ahozko harmonia zaindu-zainduen babespean, gozamena dira entzumenerako. Gitarra pertsonal-pertsonalen beste proposamen bat da Tinariwen; Europako ikus-entzuleen artean gero eta ezagunagoak dira, hainbat bira egin ostean. Japonian zeudela, agian Chai talde dibertigarriarekin bat egin dute. Ironia eta lotsagabekeria barra-barra, orain ulertzen dugu zergatik deitu dioten ‘Punk’ azken albumari, nahiz eta beren estiloa pop-a izan.

Jarraitzeko, Hinds nekaezinak; gure talde nazioartekoenetako bat da, eta Europan emandako kontzertu bakoitza arrakasta bihurtzen dute. Estilo aldetik kontrako muturrean, baina ez hainbeste agertokiaren gaineko ikuskizunari dagokionez, Califato 3/4 taldea koktel-ontzia da, eta bertan nahasten dira trebezia handiz kalkulatutako flamenkoaren, post-rockaren eta traparen dosiak. Arakatzeko harribitxiekin amaitzeko, bi diamante: Dora gazte-gaztea, gure zerrendako benjamina; oraingoz bi single baino ez ditu kaleratu, Pional-en eskutik, baina gertutik jarraitzeko modukoa dela erakutsi digute. Eta kontuan izan izen hau: Yana Zafiro; Murtziatik dator, eta horren aurretik, Ukrainiatik. Letra bikainak idazten ditu, bai ingelesez, bai gaztelaniaz, eta erraztasun harrigarriarekin igarotzen da pop estilotik elektronikara, musikari dagokionez. Omago euskaldunek duela egun gutxi kaleratu zuten lehen EPa eta, ziurrenik, izena ez zaigu oso ezagun egingo ordainik, baina uztailerako hori aldatuko ote den susmoa dugu.

Proposamen artistikoaz gain, kontzertuen gune izango den Kobetamendi ingurune naturalari kanpina gehitu behar zaio; kanpina toki ezin hobean kokatuta egongo da natura maite dutenentzat eta egun horietan jaialdira kanpotik etortzen direnentzat: Arraiz mendiaren gailurrean. Esperientzia errazte aldera, jaialdiaren webgunean bidaia antolatuetan parte hartzeko aukera eskaintzen da.

Azken batean, artista handien izenak biltzen dituen askotariko zerrenda, natura ingurune pribilegiatu batean, eta kulturaren eta gastronomiaren zaleentzat biziki erakargarria den hiri baten ondoan. Bilbao BBK Live jaialdiaren 15. edizioa aurrekoen parekoa ez ezik, Europako jaialdi onenetakoen parekoa ere izango da, ziur.

BILBAO BBK LIVE
2020ko uztailaren 9a,10a eta 11
Kobetamendi, Bilbo

ACID ARAB
BAD BUNNY CALIFATO 3/4
CARIBOU
CARIÑO
CHAI
CHICO BLANCO
DORA
ionnalee | iamamiwhoami
EL COLUMPIO ASESINO
ERIK URANO
FOUR TET
HINDS
KAYDY CAIN presenta SALSA DURA
KELLY LEE OWENS
KENDRICK LAMAR
LEÓN BENAVENTE
OMAGO
PET SHOP BOYS
SLOWTHAI
SUPERGRASS
THE KILLERS
THE MURDER CAPITAL
THE RAPTURE
TINARIWEN
TOMMY CASH
WHITNEY
YANA ZAFIRO
YVES TUMOR

Bonua: 140 € + gastuak
Bonua + Kanpina: 158€ + gastuak

Salmenta

Kutxabank deskontua: 16€ Lehenengo 1000 bonuek 16€-ko deskontua izango dute, eta txartel bakoitzarekin gehienez ere bonu bat erosi ahal izango da. Erosketa egiteko unean indarrean dagoen prezioari aplikatuko zaio deskontua. Kutxabank orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es webgunean eskuragarri