Jaialdiko artisten-zerrendan daude oraindik THE KILLERS, KENDRICK LAMAR, PET SHOP BOYS eta BAD BUNNY, besteak beste

Jaialdiak funts bat sortuko du uda honetan jaialdian lan egingo zuketen langile autonomoei diruz laguntzeko

Covid-19aren krisialdiak eragin dituen arazoen ondorioz Bilbao BBK Live jaialdia ezin izango da egin programatuta genuen egunetan eta moduan; beraz, 2021eko udara atzeratu beharrean gaude. Euskaraz, “maitemindu” aditza bi hitzez osatzen da, eta gaur, bi hitz horiek guk esan nahi genukeen guztia adierazten dute. Horrela, bada, Kobetamendi maiteminduta diogunean “Kobetamendi maite dugula” pentsatzen dugun arren, benetan esaten ari garena zera da, “Kobetamendik maitasunez mindu” gaituela. Izan ere, horrelaxe sentitzen baikara gaur, minduta, uda honetan Bilbao BBK Live 2020 jaialdirik ez dugula izango baieztatu behar dugulako, baina Kobetamendirekin maiteminduta, aldi berean, sentiarazten digun guztiarengatik.  Baina aurten ezinezkoa izango da; gu etxean geratuko gara, eta mendiak atseden hartuko du eta bere espazioa biziberrituko du, datorren urtean energia handiagorekin egin diezagun harrera. Data berriak 2021eko uztailaren 8a, 9a eta 10a izango dira. 

Badakigu tristura hau milaka pertsonak ere sentitzen dutela, mendi magiko horrekin urtero izaten dugun hitzordua noiz iritsiko zain ilusioz gainezka zeuden guztiek; urtetik urtera, gure zain egoten da mendia, irrikaz, zuzeneko musikarekin erabateko gozatua hartuz arazoak alde batera uztera gonbidatzen gaituen mendia. Pertsona horiekin lotura estu-estua dugula sentitzen dugu, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu une hauetan babesa adierazi digutelako; eskerrak zuei ere, komunikabideetako profesionalei. Zaindu zaitezte, 2021. urtean berriro ere elkar ikusteko irrikaz gaude.

Egoera hau berria, ezezaguna da gizarte osoarentzat. Ez da erraza izan ziurgabetasunaren erdian aurrera egitea, baina jaialdia egitea ezinezkoa zela ikusi genuen bezain laster, 2020rako muntatu genuen guztia desmuntatzeko lanari ekin genion, 2021eko edizio berria sortu ahal izateko. Gaur, lehenengo izenak iragarriko ditugu:  THE KILLERS, KENDRICK LAMAR, PET SHOP BOYS, BAD BUNNY, BICEP live, BOMBA ESTEREO, CARIBOU, FKA TWIGS, FONTAINES DC, MEUTE eta SUPERGRASS, besteak beste. Laster baieztatuko ditugu artista gehiago. Sarrerak 2020ko uztailaren 9an jarriko ditugu salgai.

Edizio honetarako erositako sarrerei dagokienez, 2021eko ediziorako balio dute, baina joan ezin dutenek jaialdiaren webgunearen bitartez itzuli ahal izango dituzte, 2020ko ekainaren 1etik 14ra bitarte.

Bilbao BBK Live jaialdiak konpromiso handia du mundu osotik datozen bere ikus-entzuleekin, artistekin, baita jaialdia hartzen duen hiriarekin ere. Baina ezohiko une honetan, bere crewari, bere lantaldeari lagundu nahi dio, kate-maila ahulenari, inolako babesik gabe, lan egin ezinik eta gobernuak abiarazitako neurriekin estaldurarik gabe edo estaldura eskasarekin geratu diren profesional autonomoei: runner-ak, hospitality-a, teknikariak, garraioa, produkzioa, stage manager-ak… ezinbestekoak baitira ekitaldi handi hau gauzatzeko. Horregatik, jaialdiak lagundu egin nahi die eta jada salduta dagoen sarrera bakoitzetik 5 € emango dizkie. Bildutako diruaren % 50 profesional horientzat izango da, eta beste % 50a Bizkaiko Elikagaian Bankura bideratuko dugu, baliabide gutxien dituzten familiei laguntzeko.