Izen berriak gehitu zaizkio zerrendari, hala nola Kelly Lee Owens, WOS, Romy eta Nilüfer Yanya, baita Estatuko ordezkariak ere, hala nola Rigoberta Bandini, Alizzz eta Cariño

Lasai agertokiaren programazioa azaldu du ere

Bilbao BBK Live indarberrituta dator berriro impasse luze honen ondoren, emozioz gainezka Kobetamendin uztailaren 7an, 8an eta 9an berriz elkar ikusiko dugulako. 2022. urte honetan sekula baino indartsuago gatoz, bi urte luze hauetan jasotako animomezuei esker eta jaialdiaren hamabosgarren edizioa, hasi baino lehen ere, legenda bihurtuko delako ziurtasunarekin. Bilbao BBK Live 2022ko kartelean mundu osoko 100 artista baino gehiago bildu ditugu: izar ospetsuekin hasi, eta gorabidean doazen promesekin bukatu, jaialdiaren bereizgarri den aniztasun artistikoa finkatuz.

Bilbao BBK Live jaialdiaren kartela itxi dugu gaur eta atzerako kontaketa aktibatu dugu. 100 egun baino ez dira falta Kobetamendin berriro ere elkartzeko. Eta une honetaz gozatzeko, izen berriak iragarriko ditugu. The xx taldearen heren bat den Romy, platerekin, Nilüfer Yanya londrestar malenkoniatsua eta Kelly Lee Owens galestarraren pop ahostunak sortzen duen ambient giroa, elektronikaren munduko Daniel Avery edo James Greenwood handien eraginpean. Jaialdiko kartela osatzen duten artisten jatorrien bitartez mundu osoan barrena egin dezakegu bidaia eta, oraingoan, Estatu Batuak ere sartu dituguzerrendan, Snail Mail desamodioaren kantautoreak bigarren diskoa ekarriko baitigu besapean; Argentinatik, berriz, SIMONAren collage unibertsoa eta WOS freestyler-a ere etorriko dira, mezu politikoz betetako hit-ekin.

Horietaz gain, ezin ditugu ahaztu Estatuko izen handiak. Rigoberta Bandinik energiaz beteko du Kobetamendi, bere ereserki askatzaile eta letra borrokalariekin; Alizzzek disko berria aurkeztuko du interprete moduan hasi duen bide berrian; Cariño hirukoaren tontipop-a ere izango dugu Bilbon; baita Mujeres taldearen jai-giroko emanaldi ludikoa ere. Zerrendarekin jarraitzeko, SIMONAren collage unibertsoa aipatu behar dugu, Erik Uranoren neo rap-a, WOS, Yawners, Shego, Venturi, Axolotes Mexicanos, L-R eta Depresión Sonoraren doinuak ere.

Jaialdiarenegun bakoitzak amaiera bikaina izango du, hainbat kolektibo arituko baitira plateretan: Topanga Kiddo, Brava eta Alvva izango dira dantza-pistaren jaun eta jabe lehenengo egunean; Chico Blanco, 8kitoo eta  b2bbs artisten Mareo festa eklektikoarekin biribilduko dugu bigarren eguna; eta CHICA GANGi egokitu zaio jaialdia ixtea. Bertako taldeen artean, Bulego azkoitiarrak eta Silitia taldearen elektroeuskalrocka dira berrikuntzak.

 

ISILTASUNA ETA ZARATA NAHI DITUGU.

Kobetamendin, hedonismoaren bideak ugari dira; espazio berean, hamaika aukera. Baso elektroniko bat? Denbora mantsoago dabilen gune bat? Bai, hori guztia eta askoz ere gehiago.

Basoan urtero mundu osoan ezagunak diren artistak eta gorabidean doazen talentu gazteak biltzen dira, festa amaigabeen agertoki den aldetik; edizio honetan, The Blessed Madonna, Carl Craig, Helena Hauff, DJ Phyton, Lena Willikens eta John Talabot izango ditugu, besteak beste. Kobetamendiko baso mardulean dagoen soilgune batean, Basoa agertokian soinu elektroniko eta esperimentalekin gozatzeko aukera izango dugu, Euskal Herriko baso-ingurune idilikoan. Ingurune paregabea, artista bikainen zerrenda eta zehaztasunez sintonizatutako soinu-sistema; eskapismoaren tenplua izango da Basoa, jaialdiaren egun bakoitzean.

Bestalde, Lasai gunearen premisa minutuko 100 beat-ak ez gainditzea izan zen, eta funtsezko bihurtu da lasaitzeko, minutuko bira kopurua jaitsi eta paraxut baten gisan planeatzeko; pixkanaka-pixkanaka, beatez beatTempo geldoen eta intentsitate bizien gunea da. Japoniatik Stockholmera, kolektiboetatik bikoteetara, dance-tik psikodeliara. Denbora mantsoago doa Lasai gunean, espazioaz eta Bilboko ikuspegi zoragarriez gozatzeko. Uztailaren 7an, Max Abysmalen erritmo psikodelikoak eta lo-fi elektronika soinuak nagusituko dira Lasai gunean, Ivan Smaggheren saio ilunekin batera; Cosmo Vitelliren nahasketa paranormal eta progresiboa, Front De Cadeaux bikoaren slow eta groove iruditeria, eta Xamana Jones enigmatikoa. Bigarren egunean, agertoki gainean arituko dira tempo geldoko Iro Aka bartzelonarrak, Dinamarcaren trance eta pop nostalgia, estereotipoei ihes egiteko Bufiman alter-egoa sortu duen Jan Schulte, sortzez txinatarra den eta Kanadan bizi den Yu Su DJren soinu-ehun ederrak, eta Charlotte Bendiksen psikodelia iluna. Lasai guneko hirugarren saioan Brian Piñeyro aka DJ Python izango da kuradore. Ekoizleak bi emanaldi eskainiko ditu Bilbao BBK Live jaialdian: bere deep alderdiari dagokionez, Más Amable lana aurkeztuko du, eta Sangre Nueva bere proiektu paraleloarekin, orain arte ezagutzen dugun reggaeton-ari beste esanahi bat gehituko dio; proiektu horretan Florentino kolonbiarra eta Kelman Duran dominikarra ditu ondoan (azken hori bakarka ere arituko da). Kuradoretza horren osagarri, folklore galiziarra eta soinu latinoak uztartzen dituen Clara!, techno eta drum’n’bass fusioa DJ Voicesen eskutik, eta Katzaren post punk eta psikodelia nahasketa indartsu baina downtempoa.

  

MUSIKA JO, BIZI, ITZULI ETA ARNASTU NAHI DUGU.

Bi urte hauetan, naturak bere bidea egin du, eta gu miresmen eta begirune osoz itzuliko gara mendira, naturaz gozatzeko eta baliatzeko ingurune paregabe batean, mundu osoko txoko guztietatik etorritako milaka lagunekin batera. Tokia babestu eta balizko ingurumen-inpaktu negatiboak ahalik eta txikienak izan daitezen, antolatzaileek neurriak hartu dituzte hondakinak ahalik eta gehien murrizteko, ura aurrezteko, energia modu eraginkorrean erabili eta banatzeko, saneamendu-sarean hobekuntzak egiteko, erosketa berdeen politikak ezartzeko eta beste hainbat ekimen; neurri horiei guztiei esker, jaialdi jasangarriaren ziurtapena eman digu Erronka Garbia erakundeak. 

Gainera, Arraiz mendiak jaialdiaren eremuko eta inguruneko ikuspegi pribilegiatuak eskaintzen ditu, Bilbo eta itsasoa ortzi-mugan, eta dena prest egongo da bertan urtero Kobetamendira etortzen diren10.000 kanpinlarientzat, Bilbao BBK Live jaialdia full experience izan dadin.

 

EGON NAHI DUGU.

Esan eta esan ari ginen… 2022 honetan, merezi duen jaialdia ospatu nahi dugu, zuek merezi duzuen jaialdia. Bilbao BBK Live jaialdia bueltan da, inori huts ez egiteko eta galdutako denboraz gozatzeko konpromisoa hartuta.

Bonuak 145 euroko prezio berezian egongo dira salgai apirilaren 28ra arte, eta epeka ordaintzeko aukera ere badago; bestalde, eguneko sarrerak ere salgai daude oraindik. Badakigu nazioarteko giro politikoan une latzak gertatzen ari direla eta, horregatik, lehenbailehen bukatuko den itxaropenarekin, guk ere geure ekarpena egin nahi dugu hondamendi humanitario honen aurrean; sarrera bakoitza erostean, gehienez ere 5 euroko dohaintza egiteko aukera eskaintzen dugu, eta jaialdiak zenbateko berdina gehituko dio. Bildutako diru guztia Ukraina-Euskadi Garapenerako Lankidetzako Elkarte Sozio-Kulturalera bideratuko da; elkarteak laguntza humanitarioa bidaltzen du Ukrainara, eta Euskadira iritsi berri diren ukrainarrei gizarteratzen ere laguntzen die. Lehendik ere elkarlanean aritu izan gara Bilbao BBK Live jaialdia eta elkarte hori.

Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileok gure esker ona adierazi nahi dizuegu, berriro ere, sarrera gorde duzuen guztioi eta, bereziki, Bilboko Udalari, ekitaldi hauek gauzatzeko ezinbestekoa baita, gainerako babesle eta laguntzaileekin batera.

 

BILBAO BBK LIVE

2022ko uztailak 7, 8, 9

Kobetamendi, Bilbo

Sarrerak eta bonuak prezio berezian apirilaren 28ra arte, hemen: bilbaobbklive.com eta seetickets.com/es

#bilbaobbklive