Ez da jaialdirik gabeko udarik… ezta eskumuturrekorik gabeko jaialdirik ere.

Bilbao BBK Live esperientziaren osagarri, 2020. urte honetan jaialdizaleek beren tradizio gogokoenetako bati uko egin behar ez izatea nahi dugu: eskumuturrekoa janztea, bizi izandakoa gogoratzeko hurrengo ediziora arte.  Aurtengo urtea berezia da, eta horregatik geuk ere zerbait berezia, ezohikoa egin nahi izan dugu. Ez da eskumuturreko bakarra izango, 7 baizik, udako planik hoberenetako bat gure lagunik onenekin partekatzeko: jaialdira elkarrekin joatea eta jaialdiaren espirituari bizirik eustea urte osoan. Jolas bat; eta jolas horretan, Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio hau partekatu nahi dugun pertsona horiekin lotzen gaituena irudikatuko du kolore bakoitzak: adiskidetasuna, maitasuna, itxaropena, jakinduria, desioa, zoriontasuna eta lasaitasuna. Eskumuturreko bakoitzarekin desio bat, gurari bat oparituko duzu. Guk argi dugu zein den gure nahia: datorren urtean elkar ikustea, zuzeneko musika lehenbailehen itzultzea, eta osasuna; osasuna guztiontzat.

Eskumuturrekoak www.bilbaobbklive.com webgunean eros daitezke eta, gainera, beste helburu garrantzitsu bat ere badute; izan ere, salmentan lortutako diruarekin Bilbao BBK Live jaialdiaren crew edo lantaldeari laguntzeko funts bat sortuko da: runner-ak, hospitality-a, teknikariak, garraioa, produkzioa, stage manager-ak… kontratupean aritzen diren profesional autonomoak, gauza guztiek behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak direnak eta egungo egoera honetan inolako babesik gabe geratu direnak, lan egin ezinik eta gobernuak abiarazitako neurriekin estaldurarik gabe edo estaldura eskasarekin geratu direnak. Bildutako diruaren % 50 profesional horientzako izango da, eta beste % 50a Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko dugu, baliabide gutxien dituzten familiei laguntzeko.

LAGUNDU