Bilbao BBK Live 2020

9 · 10 · 11
UZTAILA 2020

BEREZIAK 2019

Aurten ere, jaialdiak Kobetamendiko mugak gainditu eta hiriaren erdigunera jaitsiko da, bilbotar guztien eta egun horietan gure artean egongo diren eta Bilboko kaleetan barrena egunez ibiliko direnen gozamenerako. Askotariko programazioa eskainiko dugu, jende guztiarentzako modukoa, 4 agertokitan banatuta: Isozaki dorreak Carrefour, Albiako lorategiak Cinzano, Areatza Heineken eta BBK aretoaren pareko agertokia, Kale Nagusian.

 

Hiriaren erdigunean sumatuko dira jaialdiaren lehen konpasak, ostegunean, Kale Nagusian bertan Mastodonte taldearen emanaldiarekin; Asier Etxeandia aktore bilbotarrak Enrico Barbarorekin batera sortu duen proiektu goraipatua eta arriskatua da Mastodonte. Gainerakoan, honako artista hauek igaroko dira agertokitik:Anni B Sweet artistak bere laugarren albuma aurkeztuko du; Cariño sasoi honetako talde berri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da, beren abesti freskoei, lotsagabekeriari eta espiritu gordinari esker; Gimnástica nortasun handiko taldeak rock alternatiboaren irmotasuna, musika elektronikoari egindako keinuak eta misterio-kutsuz inguratutako melodiak uztartzea lortu du; Los Hermanos Cubero, beren zauriak eta beren bihotzak zabalduz; Lorena Álvarez, bere balioaniztasun artistikoari esker folka berrinterpretatuz; Mujeres, musika alternatiboaren munduko rock talderik handienetako bat; Ortiga taldeak berbena arte bihurtzeko dohaina du; Pony Bravo taldearen ‘Guru’ laugarren disko desiratua; The Intergalactic Republic of Kongo taldeak doinu elektronikoak perkusio afrikarraren bitartez bideratzen ditu, punk estilotik gertu dagoen estetika batekin eta gizarte modernoari buruzko gaietan sakontzen duten letrak eginez; eta Venturihiruko madrildar gaztearen ‘Mi estúpida opinión’ lehen diskoan gaztetasuna esku bakarrekin zapaltzen denean ateratzen den amorru eta samurtasun guztia gitarra sendoen eta melodia onen bitartez adierazten da.

Bereziak_horarios_2019

ANNI B SWEET

ANNI B SWEET

Malagako artista ezagunak “Universo por estrenar” diskoko abestiak aurkeztuko ditu Bereziak agertokian. Laugarren disko horrekin aurreko lanekiko erabateko aldaketa egin du, Annie poparen munduan murgildu baita, lelo infekziosodun pop perfektua eginez, elektronika retrofuturistaren eta neopsikodeliaren ukitu eta guzti.

CARIÑO

CARIÑO

María, Paola eta Alicia dira Cariño taldeko kideak; sasoi honetako talde berri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da, beren abesti freskoei, lotsagabekeriari eta espiritu gordinari esker. Beren konposizioak zintzoak, ironikoak, suminduak eta, batzuetan, inozenteak ere badira, alde guztietatik naturaltasuna darien melodia bikainekin beren sentimendu urgenteenak eta, batik bat, errealenak munduari oihuka adierazteko premia asetze aldera.

GIMNÁSTIC

GIMNÁSTIC

2018. urtearen amaieran, Gimnástica taldeak ‘Líquido’ izeneko hirugarren eta azken lana argitaratu zuen. Bederatzi abesti biltzen dituen album horren bitartez, Alacanteko taldeak rock alternatiboaren irmotasuna, musika elektronikoari egindako keinuak eta misterio-kutsuz inguratutako melodiak uztartzea lortu du, eta musika independentearen munduan talde garrantzitsuenetako bat izatera iritsi dira.

HERMANOS CUBERO

HERMANOS CUBERO

Hermanos Cubero taldea aspalditik bihurtu da herri-kantugintzako proposamen interesgarri eta errespetatuenetako bat. Bikoak “Quique dibuja la tristeza” (el Segell, 2018) diskoko abestiak aurkeztuko ditu Bereziak eremuan. Tragedia pertsonal batek markatutako diskoa da, baina tragedia horrek abesti onen sorta ederra sorrarazi zuen. Pena eta samina sorburu izanagatik, edertasun lazgarria duena.

LORENA ÁLVAREZ

LORENA ÁLVAREZ

‘Colección de canciones sencillas’ lanean, Lorena Álvarezek garaikidetasuna eta tradizioa uztartu ditu berriro ere, Espainiako herri-abestien bere ikuspegi bereziarekin. Balioaniztasun artistikoari eta sormenari esker folka berrinterpretatuz, artistak orain arteko lanik intimoena aurkeztuko du, non bere esperientzia propioak interpretatzen dituen, hitzak erabilita, baina hitz horiek ez dute beti transmititzen itxuraz transmititzen duten hori.

MASTODONTE

MASTODONTE

Mastondonte proiektua Asier Etxeandiak eta Enrico Bárbaroesek sortutako proiektu musikal-kontzeptual sailkaezina da. Genero zehatzik gabe sortu eta hamaika soinu (elektronika, popa, rocka edo punka) uztartzeko gai izanik, proiektuaren lehen diskoa album bat baino gehiago da: zentzumenen esperientzia bat da, musikaren bidez adierazitako emozioen eztanda bat.

MUJERES

MUJERES

Hamar urtetik gorako ibilbidea egin ostean, Mujeres taldea musika alternatiboaren munduko rock talderik handienetako bat dela esan daiteke; areto guztiak lepo betetzen dituzte doazen lekura doazela, eta jaialdi nazional ia guztietan jotzen dute. Bartzelonako hirukoak bere ibilbidearen errepasoa egingo du Bereziak atalean, eta ‘Romance Romántico’ izena duen azken EPko abestiak aurkeztuko dizkigu: lau himno eztabaidaezin dira, letra zuzenak eta melodia perfektuak dituztela, eta hurrengo diskoa atera arteko itxaronaldia arintzeko balio dute.

ORTIGA

ORTIGA

Esteban&Manuel cumbia taldeko partaide izandako Chichok bakarkako bideari ekin dio ORTIGA proiektuarekin. Jai-giroko proiektua da, dantzaldietako kutsua duten pop melodiekin, eta inolako konplexurik gabe honako hauek guztiak biltzen dituen soinuen imaginarioa sortzeko gai izanik: Rubén Blades, Orquesta Panorama, Metallica, Bad Bunny, Miami Sound Machine, Omar Souleyman edo ahuntza eta tronpeta.

PONY BRAVO

PONY BRAVO

Sevillako laukoaren rock esperimentala ere gogo biziz entzungo dugu Bereziak eremuko agertokietan. Bost urtez material berririk argitaratu gabe egon ostean, Pony Bravo estudioan grabatutako laugarren diskoarekin dator bueltan, beti bezala, beren umore bereziarekin eta beren proposamen pertsonal-pertsonalarekin. Galdu ezin den rara avis bat.

THE INTERGALATIC REPUBLIC OF CONGO

THE INTERGALATIC REPUBLIC OF CONGO

Doinu elektronikoak perkusio afrikarraren bidez bideratzen ditu, punk estilotik gertu dagoen estetika batekin eta gizarte modernoari buruzko gaietan sakontzen duten letrak eginez. Zuzeneko emanaldien bizitasun asaldatzailea bereizgarri duela, ziur gaude I.R.O.K. taldeak, taldearen abestien hipnotismoaren bitartez, murgiltze-esperientzia basati eta zirraragarria biziaraziko digula.

VENTURI

VENTURI

Hiruko madrildar honetan Daniel Durán (ahotsa eta baxua), Lucas Olazabal eta Jonás Batuecas (gitarra eta bateria) biltzen dira, eta Oso Polita etxearekin berriki argitaratu duten aurreneko diskoaren (‘Mi estúpida opinión’) abestiak aurkeztuko dituzte. Pop-rock estiloko album sutsua da, gaztetasuna esku bakarrekin zapaltzen denean ateratzen den amorru eta samurtasun guztia gitarra sendoen eta melodia onen bitartez adierazteko gai dena.